AZKAR ATERA

Nafarroako Gobernuak maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara adierazpen instituzionala onartu du

2022/05/11
Nafarroako Gobernuak maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara adierazpen instituzionala onartu du

Foru Gobernuak LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara,  honako adierazpen instituzionala onartu du gaurko bilkuran.

“Nazioarteko erakundeek babesturik, maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea kendu zuen nahasmendu mentalen zerrendatik. Egun horretan LGTBI+ pertsonei buruzko ikuspegia aldatu zen. Hortik aurrera homosexualitatea ez da gaixotasun bat, sendatu edo are kutsatu zitekeena, giza aniztasunaren agerbide bat baizik.

Nafarroako gizartea askotarikoa da eremu askotan, eta aniztasun hori onartzeak nafarrok bultzatzen gaitu konpromisoa hartzera LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko eta, beraz, sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean oinarritutako desberdinkeriak desagerrarazteko.

LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legeak mugarri garrantzitsu bat ezarri zuen Foru Komunitatean, Nafarroa LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsaren abangoardian jarri baitzuen. Oraindik lan handia dago egiteke, baina Nafarroako Gobernuak engaiamendu argia du LGTBIfobiari aurre egiteko eta LGTBI+ pertsonen bizitza hobetzeko. Horregatik, Foru Komunitateko udalerri eta kontzejuak animatzen ditugu LGTBIfobiarik gabeko eremu bihur daitezen, non LGTBI+ pertsonek ez baitute jasaten arbuiorik, beldurrik, gaitzespenik, aurreiritzirik edo diskriminaziorik.

Azken urteotan, gorroto diskurtsoak gora doaz larriki; diskurtso horiek LGTBI+ pertsonak laidotzen dituzte eta zalantzan jartzen dituzte unera arte egindako aurrerapenak. Kolektibo horri aitortutako eskubideak ezin dira trukerako txanpon gisa erabili. Nafarroako Gobernuarentzat, giza eskubideak dira, eta, beraz, babestu, finkatu eta indartu behar ditugu.

Azkenik, erakunde publikook aitortu egin behar dugu Nafarroako LGTBI+ elkarte guzti-guztiek egin duten, egiten duten eta eginen duten lan itzela. Bere garaian arlo honetan lan egin zuten pertsonei esker, gaur egun Nafarroa lurralde libreagoa, anitzagoa eta seguruagoa da sexu- eta genero-aniztasunaren aldetik.

Horregatik, gaur eta beti, Nafarroako Gobernuak adierazi nahi du konpromiso irmoa duela lesbianek, gayek, transexualek, transgeneroek, bisexualek eta intersexualek jasaten duten LGTBIfobia eta diskriminazioa desagerrarazteko borrokan”.

Zurekin gaude

Egun horren ospakizuna dela eta, Nafarroako Gobernuak sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du, «Zurekin gaude » lelopean, LGTBIfobiaren biktimek Foru Gobernuan aurki dezaketen babesa gogorarazteko.

Edozein motatako eraso edo diskriminazioen aurrean, Gobernuak, Kattalinguneren bidez,  arreta eta aholkularitza juridikoko zerbitzua ematen die LGTBI+ pertsonei zein haien familiei. Nafarroa osora doan, Iruñea, Tutera, Irurtzun, Tafalla eta Lizarrako egoitzetatik. Zerbitzuak Nafarroa osoan arreta emanen die, Iruña, Tutera, Irurtzun, Tafalla eta Lizarrako egoitzetan.

LGTBIfobia maila eta modu desberdinetan adierazten da, hitzezko erasoetatik eraso fisikoetaraino, edo sexu- edo genero-orientazio edo -identitateagatik LGTBI+ pertsonei emandako baliabide eta zerbitzu jakin batzuk isolatuz, arbuiatuz, gutxietsiz, diskriminatuz edo ukatuz.

Kanpaina gazteleraz eta euskaraz sare sozialen, prentsaren, autobusen eta markesinen bidez zabalduko da. Era berean, toki-erakundeak, ikastetxeak eta Gazteriaren Institutuko teknikariak ere atxiki ahal izango zaizkio.


Maiatzak 17, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Zerrendara itzuli

Bilatzailea