AZKAR ATERA

Nafarroako Gobernuak, LGTBIfobiaren aurkako 2021eko nazioarteko eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu du

2021/05/12
Nafarroako Gobernuak, LGTBIfobiaren aurkako 2021eko nazioarteko eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu du

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, datorren maiatzaren 17an aintzatesten den LGBTIfobiaren aurkako 2021eko nazioarteko egunaren karietara ondoko adierazpen instituzionala onartu du:

“Gaur ospatzen dugun egunak une historiko bat gogorarazten du, LGTBI+ pertsonentzat oso garrantzitsua dena: 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasunen nazioarteko sailkapenetik. Hori aurrerapauso handia izan zen, munduan LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak aintzatesteko orduan.

Harrezkero, aurrerapen handiak egon dira bestelako sexu-orientazioa, genero-adierazpena edo sexu- eta genero-identitatea duten pertsonen eskubideak aintzatesteko orduan. Are gehiago: Nafarroak badu lege bat, aurreratuenetako bat dena eta LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala landu eta garatzen duena gure Komunitatean.

Aurrerapen horiek gorabehera, egungo testuinguruan agerian jarri da LGTBI+ arloko politika publikoen garapenean lan egiten jarraitu behar dela, benetako berdintasuna lortze aldera. Badaude zenbait egoera, LGTBIfobiak gure gizartean agertzen jarraitzen duela erakusten dutenak: familian baztertzea, topaketa sozialerako espazioak ezartzeko zailtasuna, sare sozialetan gazteak jazartzea haien sexu-orientazioa, identitatea edo genero-adierazpena direla-eta…

Beste herrialde batzuetan zer gertatzen den begiratzen badugu, hauek aurkituko ditugu: LGTBI+ pertsonenganako jazarpena, sexu-aniztasuna ez sustatzeko legeak, espetxe zigorra 70 estatutan baino gehiagotan, heriotza zigorra horietako 11tan, eta LGTBI+ pertsonen hilketa.

Horregatik, garrantzitsua da lanean jarraitzea LGTBIfobia gure bizitzatik desagerrarazteko. Gizartea aberatsa da,  askotarikoa delako. Horrenbestez, LGTBI+ pertsonenganako gorrotoa desagerrarazteko lanean jarraitu behar dugu, pertsona oro askatasunez bizi gaitezen. LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna den maiatzaren 17an Nafarroako Gobernuak beste aukera bat du gizarteari gogorarazteko pertsona guztiak direla askotarikoak eta eskubidea dutela beren sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta sexu- eta genero-identitatea askatasunez bizitzeko”.


2021ko adierazpen instituzionala

Zerrendara itzuli

Bilatzailea