AZKAR ATERA

Nafarroako Gobernuak konpromisoa agertu du emakumeen berdintasun "erreal eta unibertsalean" aurrera egiteko eta mezu "matxista eta ukatzaileen" gorakadaren aurka borrokatzeko

2025/03/18
Nafarroako Gobernuak konpromisoa agertu du emakumeen berdintasun

Nafarroako Gobernuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Nafarroako Jauregiaren ondoan, Karlos III .a etorbidean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
Ekitaldiaren buru Maria Chivite Navascues Nafarroako presidentea izan da, eta bertan izan dira, besteak beste, Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea, Nafarroako Gobernuko kontseilariak, talde parlamentarioetako eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako ordezkariak.

Elkarretaratze hau Nafarroako Gobernuak M8aren inguruan sustatutako ekitaldien parte da. Besteak beste, Esther Erice magistratuari Berdinna Saria eman diote, eta sentsibilizazio-kanpaina bat ere egin dute, "Ez zaitzatela nahasi…Gezur Matxistekin” lelopean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean egindako aurrerapenen aurkako gorroto-diskurtsoei pentsamendu kritikoz aurre egiteko herritarrei egindako gonbidapena.
Chivite presidenteak eta Unai Hualdek Foru Gobernuak onartutako adierazpen instituzionala irakurri dute, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren.
Bertan, emakumeen berdintasun "erreal eta unibertsala" lortzeko lanean jarraitzeko beharra aldarrikatzen da, baita oraindik dauden desberdintasunak baztertzeko beharra ere, hala nola "soldata-arrakala, zainketen banaketa desorekatua, emakumeen enpleguaren prekarietate handiagoa eta indarkeria matxista".
Era berean, diskurtso matxista eta ukatzaileen gorakadaren aurka borrokatzea azpimarratzen da, bereziki gazteen artean igarritzen dena.

ZIRRIBORROA · 2025eko MARTXOAREN 8ko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

 

Nafarroako Gobernuak, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, berresten du erabateko konpromisoa duela emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko, gure demokraziaren funtsezko printzipioa eta ezin ukatuzko eskubidea baita.

Egun honetan, gogora datorkigu batetik mugimendu feministak aspalditik egiten duen aldarrikapena, eta, bestetik, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia. Baterako konpromiso horri esker, berdintasuna ekintza politikoaren erdigunean dago, legeria, baliabideak eta zerbitzuak garatu dira eta funtsezkoa izan da gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzeko.

Hain zuzen ere, planetako toki askotan lortu da berdintasun formala, baina oraindik ere ez da errealitate unibertsala emakume guztientzat, eta egiturazko desberdinkeriak daude oraindik gizarte guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Gainera, berdintasunaren arloan izandako lorpen eta aurrerapen guztien aurkako erreakzio gisa, azken urteetan indar handia hartu dute aurrerapen horiek kriminalizatu nahi dituzten diskurtso matxistek. Kontakizun horiek informazio faltsuak erabiltzen eta desberdinkeriak ukatzen dituzte. Diskurtso horiek, eskuin muturreko nazioarteko lider politikoek eta eremu digitalean entzute handia duten pertsonek zabaldurikoak, zenbait gizarte-sektoretara iristen ari dira, batez ere gazteengana.

Hori dela eta, ezinbestekoa da dauden erronkak argitzen jarraitzea. Oraindik ere hor daude soldata-arrakala, zainketen banaketa desorekatua, emakumeen enpleguaren prekarietate handiagoa eta indarkeria matxista, eta horrek erabakitasunez aurrera egitera behartzen gaitu.

Testuinguru horretan, aurre egin nahi diegu desinformazioari eta gezurrei, gero eta gehiago hedatzen ari baitira berdintasunaren eta politika feministen arloan egindako aurrerapenak gaitzetsi nahian. Datuak manipulatzea; feminismoa, berdintasuna eta bestelako kontzeptuak desitxuratzea; soldata-arrakala dagoela ukatzea, eta emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzea, besteak beste, estrategi erreakzionarioak dira, aurrerabide feminista izan duten une historikoetan jada gertatu direnak, eta orain suspertzen ari direnak lortutako aurrerapenei erantzuteko.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da kontakizun horiei aurre egitea, eta, horretarako, beharrezkoa da informazio zorrotza erabiltzea, berdintasunean heztea, emakumeek eta gizonek gizarte berdinzalea eraikitzen parte hartzea, zainketak modu orekatuan banatzea, gorroto-diskurtsoak salatzea eta estereotipo sexistak aldatzea. Berdintasuna ez da emakumeen kontua: herritar guztien konpromisoa eskatzen du. Berdintasuna oinarrizko giza eskubidea da, eta, gainera, ezinbestekoa da gizarte baketsuak bermatzeko eta emakumeentzat eta gizonentzat giza potentzial osoa lortzeko.

Nafarroako Gobernuan, aurrerantzean ere politika publiko feministak irmo bultzatuko ditugu, ezinbesteko tresna baitira genero-berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko. Soilik horrela eginen dugu aurrera gizarte guztiz demokratiko baterantz: berdinzalea, inklusiboa eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabea.

Horregatik guztiagatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu, emakume zein gizon, datorren martxoaren 8aren inguruan antolatu diren ospakizun- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera.

 


Zerrendara itzuli

Bilatzailea