AZKAR ATERA

Nafarroako Gobernuak, gainerako foru erakundeetako talde eta ordezkariekin batera, LGTBI+ Harrotasun Eguna ospatuko du

2024/06/28
Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ospatu du Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ospatu du

Nafarroako Gobernuak elkarretaratzea egin du gaur Nafarroako Jauregiaren fatxadaren aurrean, Iruñeko Karlos III.aren etorbidean, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Ekitaldian, Nafarroako Gobernuak herritar guztiak gonbidatu zituen, eta bertan izan dira, halaber, hainbat erakundetako ordezkariak, hala nola Unai Hualde Parlamentuko presidentea, Alicia Echeverria Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, Nafarroako Gobernuko kideak, Kontuen Ganberako presidentea, Ignacio Cabeza, eta Patxi Vera Nafarroako Arartekoa, besteak beste.

Ekitaldian, Chivite Lehendakariak adierazpen instituzional hau irakurri du, Nafarroako Gobernuak asteazkenean onartu zuena:

“NAFARROAKO GOBERNUAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, EKAINAREN 28A DELA ETA (LGTBI+ HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA)

Ekainaren 28a LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta Nafarroako Gobernuak berretsi nahi du konpromisoa duela orain arte bezala lanean aritzeko, LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortu eta sustatzeko politikak bultzatze aldera. Izan ere, lorpenak izan badira ere, gure gizartean diskriminazioa dago oraindik ere sexu-aniztasuna, sexu-orientazioa eta sexu- eta genero-identitatea direla-eta.

Dagoeneko 55 urte iragan dira 1969an Stonewallen (New York) izandako istiluetatik; horien ondorioz, aldarri-mugimendu bat sortu zen, LGTBI+ pertsonak kriminalizatzen zituen gizarte haren indarkeriari aurre egiteko. Hori pizgarria izan zen LGTBI+ eskubideak defendatzeko erakundeak, kolektiboak eta mugimendu aktibistak abiarazteko.

Espainian, LGTBI+ harrotasunaren lehen manifestazioa Bartzelonan antolatu zen, 1977an. Nafarroan, harrotasunaren lehen manifestazioa 1979an izan zen, duela 45 urte. Garai hartan, artean indarrean zegoen Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legea, eta, hari jarraikiz, antisozialtzat jotzen ziren pertsonak zigortzen ziren, hala nola prostitutak, etorkinak eta homosexualak. Lege hori ez zen indargabetu 1995. urtera arte.

Harrezkero, urrats nabarmenak egin dira LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzeko, zenbait kolektiboren lanaren ondorioz. Izan ere, kolektibo horiek hamarkadaz hamarkada aldarrikatu eta babestu dute guztiok eskubidea dugula geure identitatea eta sexualitatea askatasunez eta eskubide-berdintasunean bizitzeko.

Gaur egun, esan dezakegu gizarte gisa aurrera egin dugula, aniztasuna gehiago errespetatzen baita eta zenbait eskubide aitortu baitira; hala ere, ezinbestekoa da oraindik ere eskubide horiek defendatzea, eta aldarrikatzea ezen aniztasuna eta berdintasuna funtsezko balioak direla gizarte bidezkoagoa, feministagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko. Horrek garrantzi berezia du orain, gizarteko eta politikako sektore jakin batzuek jarrera eta diskurtso erreakzionarioak babesten baitituzte aniztasunari eta eskubide-berdintasunari dagokienez; ezin da ukatu oraindik ere gorroto-delituak izaten direla sexu-orientazioa, genero-identitatea eta genero-adierazpena direla-eta.

Hala, Nafarroako Gobernuak berretsi nahi du konpromisoa duela berdintasunaren eta aniztasunaren alde egiteko eta sexu- eta genero-identitate eta -aukera guztiak ikusarazteko, Nafarroako gizartea inklusiboa izan dadin eta aniztasuna harrotasunez goretsi eta babestu dezan.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak kanpaina bat garatu du, “Aniztasunean harro” lelopean, nork bere gorputzaren eta identitatearen gainean erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Hala, “Naizena naiz”, “Sailkaezina” eta “Mugarik gabeko harrotasuna” mezuekin osatu da aurtengo kanpaina, eta helburu du harrotasun desberdinak tinko aldarrikatzea, mugetatik eta inposaturiko kategorietatik haratago, defendatzeko guztiok eskubidea dugula garen bezalakoak izateko eta askatasunez bizitzeko.

Nafarroako Gobernuak herritar guztiak bultzatu nahi ditu kolektiboek ekainaren 28rako antolaturiko mobilizazioetan parte hartzera, eta aldarriz eta kolorez betetzera lurralde guztiko kale eta espazio publikoak, guztionak baitira.”


Chivite Lehendakaria bere hitzaildian

Zerrendara itzuli

Bilatzailea