AZKAR ATERA

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du LGTBIfobiaren aurkako eguna dela eta

2023/05/17

Foru Gobernuak adierazpen instituzional hau onartu du gaurko bilkuran, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, asteazken honetan, maiatzak 17:

“Nafarroako Gobernuak LGTBIfobiaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna ospatu nahi du.  1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea, hala ageri baitzen eskuliburuetan. Une hartan, homosexualitateari begiratzeko modua aldatu zen. Ordura arte tratatu eta sendatu beharreko gaixotasun kutsagarritzat hartzen zen eta, harrezkero, egiazki den bezala ulertzen hasi zen: izateko eta desira adierazteko beste era bat.

Orduz geroztik, aurrerapen handiak eta ugariak lortu dira LGTBI+ pertsonen eskubideen aitortzan, baina oraindik ere badago zer egina pertsona batzuek beren sexu-orientazioagatik edo sexu- eta genero-identitateagatik, hots, existitzeagatik, jasaten duten gorrotoa desagerrarazteko.

Nafarroako Gobernuak bere ekintzen bidez  LGTBIfobia desagerrarazteko konpromisoa dauka, baina xede hori egiazki betetzeko, ezinbestekoa da, orobat, Nafarroako udalen laguntza eta guztion arteko lan bateratua, zeren udalek azkarrago eta hurbilagotik gauzatzen ahal baitituzte beren herrietako LGTBI+ pertsonei ez ezik, gainerako biztanleei ere mesede eginen dieten neurriak. Horregatik, Nafarroako Foru Gobernuak toki-erakunde guztiak animatzen ditu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sortu berri duen sarean parte hartzera: LGTBIfobiarik gabeko Nafarroako Udalerrien Sarea. 

Gaur, bestetik, garrantzitsua da gogoan izatea Nafarroako Gobernuak LGTBI+ pertsona guztiei lagun egiteko zerbitzu bat duela; hortaz,  «Zurekin Goaz» kanpaina jarri du abian, LGTBIfobiari “ezetz” esateko eta gogorarazteko Nafarroako herritarrek badutela LGTBI+ pertsonendako eta haien familiendako arreta integraleko eta aholkularitzako zerbitzu publiko bat, eta bertara jo dezaketela LGTBIfobiako egoeraren bat bizitzen ari badira. Gobernu honek orobat erakusten du bere konpromisoa 028 telefono-zenbakiarekin; izan ere, Espainiako Gobernuak berriki iragarri du “ortzadar-telefonoa” esaten zaion zerbitzu hori ezarriko duela. Arretarako telefono horrek arreta psikologiko, sozial eta juridikoa emanen du egunean 24 orduz.

Bestetik, ezinbestekoa da erakunde publikoek aitor dezagun Nafarroako LGTBI+ elkarteek egindako lana. Batez ere landa-eremuetako elkarteek egindakoa, ingurune horietan anitzez zailagoa baita sexu- eta genero-aniztasuna erakustea. Haiek eginiko lanari esker lortzen ari gara Nafarroa askotarikoagoa izatea eta toki seguruagoa sexu- eta genero-aniztasunari dagokionez.

Nafarroako Gobernuak, aurten, berriz ere, konpromiso irmoa agertu nahi du LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan, eta erabakia hartzen du hainbat eragilerekin lanean jarraitzeko, aurrera egin dezagun LGTBIfobiaren adierazpide guztiak desagerrarazteko bidean, sinetsita baikaude Foru Komunitatea horri esker dela eta izanen dela lurralde bat askotarikoa eta konprometitua bertan bizi diren guztien eskubideen aurrerabidearekin”.

 

Rueda de prensa completa 

INPRIMATZEKO BERTSIOA  


Zerrendara itzuli

Bilatzailea