AZKAR ATERA

Nafarroako etxeen %13ak soilik du kanpoko laguntza etxeko lanak egiteko eta adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzeko

2021/04/30
Nafarroako etxeen %13ak soilik du kanpoko laguntza etxeko lanak egiteko eta adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzeko

Nafarroako etxeen %13ak soilik kontratatzen du pertsona bat etxeko lanak egiten edo etxeko adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzen laguntzeko. Gehienak, gainerako %87a, erantzukizuna bizikideen artean modu desberdinean banatuta konpontzen dira.

Horixe da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) agindutako azterketako ondorioetako bat. Bertan, Nafarroako etxeetako zaintzen praktika, baldintzak eta harremanak aztertzen dira. Erakundeko zuzendari kudeatzailea den Eva Isturizek eta Laura Martinez Jimenez ikertzaileak aurkeztu dute ostegun honetan.

Martinez Jimenezen arabera, txostenaren emaitzek erakusten dute Nafarroan berdintasuna lortzeko urrun dagoela, etxeen eta bertako kideen hornikuntza, mantentze-lan, ongizate eta zaintzari erreparatuta.

Egoera ez dator bat nafarrek Foru Komunitatean lortutako genero-berdintasunaren inguruan duten pertzepzioarekin, gizon eta emakumeek “nahikoa berdintasun” badutela uste baitute gehienek. Hala ziurtatzen dute gizonen %63ak eta emakumeen %57ak. Gainera, zaintza-lanei eskaintzen dieten denborari dagokionean, emakume eta gizon gehienek aitortzen dute etxeko lanak eta zuzeneko zaintzak egiten igarotzen duten denbora egokia dela uste dutela.

Baina inkestan jasotako etxeko lan eta zaintza-lan guztiak egiten dituztela diotenen gehiengoa emakumeak dira. Era berean, zaintza-lanak egiten diren gehienetan parte hartzen dutela dioten emakumeen proportzioa, oro har, gizonena baino handiagoa da; izan ere, gizonak emakumeak baino gehiago inplikatzen dira mahaia jasotzen eta mendeko pertsonak zaintzen, kasu horretan etxe barruan nahiz kanpoan.

Laura Martinez Jimenez ikertzaileak egindako analisi osoaren abiapuntua da pertsonen beharrak asetzeko zereginak zaintzatzat hartzea; hau da, desira eta premia pertsonalen nahasketa, hots, gizaki ororen ongizate fisikoa, afektiboa eta emozionala. Zaintzen barruan sartzen dira etxeko lanak, zuzeneko zaintzak eta horiek egiteko lanak planifikatzeko, gainbegiratzeko eta identifikatzeko zereginak.

Azterketak Nafarroan bizi den pertsonaren erretratu prototipikoa eskaintzen digu, zaintza lanetan gehiago eta maizago inplikatzen denarena. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorako emakumea da, ikasketarik gabea, bikotearekin bizi dena, erretiratua, langabea edo lanaldi partzialeko langilea eta/edo diru-sarrera baxuko etxeetan integratzen dena.

Nabarmentzekoa da, baita ere, Nafarroako etxeen %13ak bakarrik duela kanpoko laguntza etxeko lanak egiteko eta adingabeak eta mendeko pertsonak artatzeko. Nafarroako familiek, neurri handiagoan, kanpoko laguntza hori jasotzen dute batik bat etxea garbitzeko eta arropa prestatzeko —gogoratu lan horiek direla gehien feminizatutako lanetako bi—; aldiz, gutxiago jotzen dute kanpoko laguntzara bereziki adingabeak zuzenean zaintzeko.

Nafarroako Gobernuak eskainitako kontziliazio-baliabideak

Aurkezpenean, berdintasunerako erakundeko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu du egungo osasun krisiak eta krisi sozial eta ekonomikoak agerian utzi duela zainketek bizitzari eusteko duten garrantzia. “Pertsona guztiak gara zainduak eta zaintza-lanak egiten ditugu gure bizitzan zehar, neurri handiagoan edo txikiagoan, bizi dugun unearen arabera”, gogoratu du.

Isturizek azpimarratu egin ditu kontziliazioa eta, modu horretan, zaintzak errazteko Exekutiboak jada abian jarritako neurriak; hala nola,  etxean adingabeak zaintzeko pertsonak kontratatzeko 420 eurora bitarteko laguntzak, haurren eskoletan tarifak %75era bitarte murriztea, autonomo gisa lan egiten duten pertsonen lana eta familia uztartzeko laguntzak eta guraso bakarreko familiak uztartzeko diru-laguntzak.  , adingabeak edo gaixotasun larria duten senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartzen duten langileen eszedentziarako laguntzak, edota desgaitasunen bat duten mendeko seme-alabak eta senitartekoak zaintzeko pertsonak kontratatzearen gaineko zerga-desgrabazioak. Horiei gehitu behar zaizkie udalerrietan kontziliazio-neurriak errazteko toki-erakundeei ematen zaizkien diru-laguntzak.

Horrez gain, NABIko zuzendariak adierazi duen moduan, “Nafarroako Gobernuak estrategia ezberdinak garatu ditu erakundeetatik zaintza-lan horien berdintasunezko banaketa sustatzeko eta egituratzeko. Ondorioz, Zaintzen inguruko Foru Ituna lantzen ari dira. Kontziliazio erantzunkideko departamentuarteko lantaldea sortu dugu, bizitza politika publikoen erdigunean kokatzeko. Berdintasunerako Nafarroako Institutuak zuzenduko du, zaintza-estrategia markatzeaz arduratua izanik, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Eskubide Sozialek, Hezkuntzak, Toki Administrazioak eta Garapen Ekonomikoak osatuko dute, besteak beste”.

Era berean, honako programa hauen bitartez Exekutiboak egindako sentsibilizazio-lana azpimarratu du NABIko arduradunak: “Buelta emaiozu, berdintasunean partekatu” gizonak zaintza-lanetan inplikatzeko, edo “gizonei zuzendutako Nosotros / Noski programa, gizarte honetako eredu maskulinoari eta berdintasunarekin dituen harremanei buruzko hausnarketa-gunea eskaintzen duena”.

Gomendioak

Bestalde, azterketaren egilea den Laura Martinez Jimenezek adierazi du, nahiz eta 2016ko “Nafarroako azken inkestako” datuek erakutsi etxeko zaintza-lanen banaketan berdintasuna hobetu dela 2006arekin alderatuta —gizonak gehiago inplikatzen dira zuzeneko zaintzatan, bereziki adingabeekin—, zaintzak oraindik hiperfeminizatuta daude. Hori dela-eta, Nafarroako emakumeek gizonek baino denbora libre gutxiago dute eta haiek baino gehiago uste dute kontziliazioak ahalegin handiagoa eskatzen diela eta beren karrera edo dedikazio profesionala baldintzatzen duela.

Ondorioz, aurkeztutako azterketak azpimarratzen du zaintzak desfeminizatu eta despribatizatu behar direla edota zaintza duinen eskubide unibertsalerantz aurrera egiten jarraitu behar dela. Halaber, oso beharrezkotzat jotzen du erantzunkidetasun kolektiboa bultzatzea; alegia, “emakumeek eta gizonek, gizarteak, enpresek eta politika publikoek antzeko betebehar eta obligazioei dagokienez duten erantzukizuna, bizitza bideragarria eta iraunkorra izan dadin, ekitatearen eta justizia sozialaren ikuspegitik”. Halaber, lanean azpimarratzen da langileen lan-denborak arautu eta arrazionalizatu behar direla.

Metodologia

Egileak ekonomia feministan oinarritutako genero-ikuspegi kritikotik ustiatu eta interpretatu ditu Nafarroako Estatistika Erakundeak (NASTAT) egindako 2016ko Gizarte eta Bizi Baldintzen inguruko Inkestako “Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea” I. Blokeko emaitzak. Inkesta horretan, 698 gizonek eta 724 emakumek hartu zuten parte.

Osagarri gisa, 2016ko GBBIko emaitzak erlazionatu eta kontrastatu egin dira desgaitasunei, autonomia pertsonalari eta mendekotasun-egoeren buruzko 2008ko Inkestako datuekin (estatu-mailakoak nahiz forukoak) eta Biztanleria Aktiboaren 2018ko Inkestako (BAI) familia eta lan-bizitza uztartzeko modulukoekin. Bi inkestak Estatistikako Erakunde Nazionalak (EIN) egindakoak dira. Horrez gain, beste inkesta eta erreminta estatistiko egoki batzuk erabili dira, NASTATek nahiz EINek edo Ikerketa Soziologikoen Zentroak (ISZ) garatutakoak, beste erakunde batzuen artean.

Ostegun arratsaldean analisiaren emaitza aurkeztuko du egileak Civicaneko auditorioan (Pío XII.a etorbidea, 2- Iruña). Saioa herritar guztiei zuzenduta dago, 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da, eta esteka honetan ere jarraitu ahal izango da.

Laura Martinez Jimenez Gizarte Zientzietan doktorea da, eta Masterra du Genero eta Berdintasunean. Ekonomia, Politika & Garapenari buruzko Genero Behatokiko (GEP&DO) ikertzailea da eta SEJ507 EcoEcoFem (Ekonomia Ekologikoa, Feminista eta Garapena) Ikerketa Taldekoa ere bai.


Zerrendara itzuli

Bilatzailea