Nafarroak egoitza-baliabide espezifiko bat jarriko du osasun mentaleko arazoak edo mendekotasunak dituzten eta indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeentzat. Horretarako, Nafarroako Berdintasuneko Institutuak (NABI/INAI) 200.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak utzitako espazio bat egokitu eta birgaitzearren.
Hala iragarri dute gaur Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak eta Patricia Abad INAI/NABIko zuzendari gerenteak, prentsaurreko batean, 2025erako berdintasunaren alorreko berrikuntza eta jarduera-ildo nagusiak azaltzeko. Tabernak eta Abadek Edurne Jauregui Herritartasun, Ahalduntze eta Emakumeen Partaidetzako zuzendariordea eta Luna Martinicorena, INAI/NABIko LGTBI+ Berdintasuneko zuzendariordea izan dituzte lagun.
“Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzea da Nafarroako Gobernuaren sei lehentasun politikoetako bat”, nabarmendu du Félix Tabernak. “Botere publikoen erantzukizuna da emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen guztiak prebenitu eta desagerraraztea, giza eskubideen urraketa baitira, eta, beraz, edozein gizarte demokratiko garatzeko oztopo. Ez da onargarria, Nafarroan, aurtengo orain artekoan, irailaren 30era arte, 1.685 emakumek salaketa jarri izana indarkeria jasateagatik”, adierazi du.
Nabarmentzekoa da, gainera, 2025ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako II. Ekintza Plana egingo dela. Bertan, indarkeriaren arloko neurri zehatzak jasoko dira, foru- eta toki-eremurako. Gainera, lehenengo planaren ebaluazioa egingo da. Era berean, INAI/NABIk Nafarroan emakumeen mutilazioa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokoloa eguneratzeko asmoa du.
Datorren urtean, gainera, indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeen seme-alabentzako dirulaguntzen araubidea ezarriko duen Foru Dekretuaren garapena amaitzea aurreikusten da. Laguntza hori berehalakoa, kudeaketa errazekoa eta beste prestazio batzuekin bateragarria izango da, esaterako zurztasun pentsioarekin edo larrialdietarako laguntzekin. Gainera, aurrera egingo da leihatila bakarra sortzen eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izatearen akreditazio guztietarako prozedura homogeneizatzen.
Gogoratu behar da, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, INAI / NABIk kudeatzen dituela biktimei eta bizirik atera direnei laguntzeko baliabideak; adibidez Sexu Indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa (CAIVAS), joan den apirilaz geroztik egunean 24 orduz eskaintzen duena, urteko 365 egunetan, sexu-indarkeriaren biktima edota bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeentzako arreta integral espezializatua. Horrez gainera, harrera-baliabideak, genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeak (EAIVS), lurraldean banatuta, bai eta salerosketa- eta prostituzio-kasuetarako baliabide espezifikoa ere. Horretarako, 2025ean Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euro inguru izango ditu erabilgarri aurrekontuan.
LGTBI+ berdintasun-politiken berrikuntza nagusiak
LGTBI+ berdintasun-politikak zeharka bultzatzeko helburuarekin, INAI / NABIk LGTBI+ II. Ekintza Plana egingo du. Bestalde, I. Ekintza Planaren ebaluazioa ere egingo da.
Era berean, LGTBI+ Kattalingune pertsonentzako arreta integraleko zerbitzuaren kudeaketaren lizitazioa 2025erako aurreikusita dago, kolektiboaren benetako eskubide-berdintasuna bultzatzen eta sustatzen aurrera egiteko eta eragiten dion genero-diskriminazioa gainditzeko arreta-neurri espezifikoak garatzeko. Gogoratu behar da zerbitzu horrek aurten, orain arte, 500 arreta baino gehiago eman dituela.
Nafarroako LGTBI+fobiari dagokion etorkizuneko Behatokiaren diseinua izango da beste ekintza nabarmenenetako bat. Foru Erkidego osoan LGTBI+ errealitatea aztertuko duen organoa da, LGTBI+fobia kasuetan jarduteko protokoloa koordinatzeko.
Gainera, INAI / NABIk lanean jarraituko du toki entitateen eta elkarte zein kolektiboen eskutik LGTBI+ berdintasun proiektuak bultzatzeko, hainbat dirulaguntza deialdiren bitartez. Baita LGTBI+ pertsonen ikusgarritasunean ere, aniztasunaren balio positiboa sustatzeko sentsibilizazio-kanpainen bidez.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako jarduerak
2025ean, Nafarroak berdintasun-politiketan aurrera nola egiten duen ebaluatuko da. Horretarako, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen eta Pertsonen Gizarte Berdintasunerako ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen betetze-maila zehaztuko da.
Foru eta toki mailako berdintasun politiken koordinazioak lehentasunezko jarduera ildoa izaten jarraituko du datorren ekitaldian. Autonomia eta tokiko mailen arteko aliantza estrategikoan sakonduko da, berdintasun-politikak antolatzeko eta lurralde osora iristeko.
INAI / NABIk Zainketen aldeko Tokiko Itunak bultzatzen jarraituko du 2025ean, emakumeen eta gizonen arteko banaketa berdinzaleagoa izan dadin. Azpimarratzekoa da dagoeneko 200 udalerri eta kontzeju inguru eta Nafarroako biztanleriaren % 70 baino gehiago barne hartzen dituela. Era berean, toki-erakundeentzako eta tokiko ekintza-taldeentzako dirulaguntzen ildoak aztertuko dira, laguntza horien edukiak talde horien beharrei eta helburuei erantzuten diela ziurtatzeko. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) eskutik ere lan egingo da, toki eremuan berdintasun politikak bultzatzeko hitzarmenaren bidez.
Emakumeak eta neskak ahalduntzea da INAI / NABIren beste lehentasun politikoetako bat. Emakume Politikoen Foroak eta Emakume On ahalduntze-programak, emakumeen elkarte eta mugimenduentzat eta/edo mugimendu feministentzat, jarraipena izango dute hurrengo ekitaldian. Era berean, udal-eremuan berdintasun-ekintzak sustatzeko erakundeekin hitzarmenak egiten jarraituko dute ijitoen eta afrikarren komunitateen, emakume-elkarteen, emakume enpresaburuen edo salerosketaren biktimen eta berdintasunezko maskulinitate berriak sustatzeko konpromisoa duten gizon-taldeen artean.
Azkenik, INAI / NABIk lanean jarraituko du 2025ean, sentsibilizazio-kanpainen bitartez, pentsamendu kritikoaren eta herritarren mobilizazioaren bidez eraldaketa soziala sustatzeko.