AZKAR ATERA

Gobernuak Berdinna 2020 Saria eman dio Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari

2020/02/05
Logoa Logoa

Foru Gobernuak gaurko bilkuran onartutako foru-dekretuaren bidez Berdinna 2020 Saria Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari ematea erabaki du, “Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapenean bereziki nabarmentzeagatik eta egindako ekarpen eztabaidaezinarengatik”.

Saria Foru Exekutiboak sortu zuen 2018. urtean, eta horren helburua da Nafarroan emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzea errazten, bultzatzen edo babesten duten ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak saritzea edo arlo horretan, bizitzan edo lanean izandako ibilbidearengatik sari hori merezi dutenak saritzea. Saria 3.000 eurokoa izango da. Lehendakariak martxoaren 4an banatuko du saria datorren martxoaren 8ko oroitzapen-egunaren esparruan.

Gobernuak nabarmendutako merituen artean aipatzekoak dira “Elkartearen ibilbidea eta bilakaera”; izan ere, “ekimen berri bat bezala sortu zen, hilabetean behin gutxienez ekitaldi bat egiteko, hildako emakumeak gogoratzeko eta omentzeko eta, era horretan, gizartea indarkeria matxista desagerrarazteko dagoen premiaz kontzientziatzeko”. Ondoren, aldatzen joan zen, emakumeen lana eta jabekuntza onartzera bideratutako ekintza eta proiektuetara eta sexuen artean eskubideen eta aukeren berdintasuna sustatzera araudi-esparruan”. Era berean, Exekutiboak azpimarratu du Elkartea “erreferentea izatera iritsi dela berdintasunaren arloko prestakuntzan, profesionalentzat nahiz neska-mutiko, emakume eta gizonentzat”.

Hautagaitzarekin batera ehun bat babes-gutun jaso dira, elkartearen proiektuen kolaboratzaileenak nahiz eremu ezberdinetako profesionalenak eta bertako proiektu ezberdinetan parte hartzen duten pertsonenak. Beraz, horiek guztiek “erakusten dute hautagaitzak duen babes soziala eta horren eragina”, Exekutiboaren iritziz. Halaber, nabarmendu nahi izan du “horien jatorri aniztasuna, horientzat guztientzat talde hau zein lagungarri izan den erakusten baitu”.

Balorazio-irizpideak

Berdinna Saria banatuko duen epaimahaiaren burua Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilaria da, Javier Remírez, eta lehendakariordea INAI/NBIko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz. Halaber, beste bost kidek osatzen dute epaimahaia: INAI/NBIko Herritarrak eta Emakumeen Ahalduntze eta Parte Hartzeko zuzendariordea, Mª Ángeles García; Nafarroako Berdintasunaren Kontseiluko bi ordezkari, Carmen Goñi eta Clotilde García; Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) ordezkari bat, Mario Fabo Calero; eta Alaiz Elkarteko ordezkaria, Ana Berrade Adot, 2019an BERDINNA Saria jaso zuen erakundekoa.

Epaimahaiak, besteak beste, ondorengo irizpideak baloratu ditu: proposatutako pertsonak edo erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloan duen ibilbidea; emakumeen lana eta haien ahalduntzea aintzatestera bideratutako jardueraren, ekintzen, lanen edo proiektuen garrantzia edo sexuen artean eskubide eta aukeren berdintasuna sustatzea; jarduerak, ekintzek, lanek edo proiektuek gizartean duten oihartzuna eta eragina, edo proposaturiko pertsonak edo erakundeak garatutako ibilbidea; eta hautagaiak Foru Komunitatearekin duen lotura.

Ibilbide bizia

Astelehen Lilak Nafarroa Elkartearen ibilbidea bizia da. 2007an sortu zen, hilabeteko bigarren astelehenetan Iruñeko Gaztelu Plazan biltzeko deia egiten baitzuten, emakumeenganako indarkeria gaitzesteko. Ekimenak Andrea elkarte feministaren babesa izan zuen hasieran; hots, 80ko hamarkadaz geroztik emakumeentzat erreferentea izandakoarena indarkeria-arloan.

Elkartearen ibilbidea markatutako gertaeretariko bat Nagore Laffageren hilketa izan zen 2008ko San Ferminetan, eta geroztik erreferente bilakatu da sexu-indarkeria aitortzeko lanean, emakumeen aurkako indarkerietako bat bezala.

Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteak 22 pertsona elkartu ditu (17 emakume eta 5 gizon); lehendakaria Mari Carmen Etxeberria Urrizola da eta idazkaria Iurre Calixto Aizpeolea.

Taldeak ekintza politikoak eta legedia prestatzen parte hartu du; hala nola, Indarkeria Sexistaren aurkako Neurrien Lege Integrala, Nafarroako Berdintasun Plana, “12 Motivos” kanpainaren sorrera Emakume Progresistekin batera, edota 2019ko Berdintasun Legea.

2011. urtean, genero-ikuspegiko San Ferminak egitea eta emakumeen eskubideak bermatuko zituzten eta haiek parte hartuko zuten jaiak ospatzea proposatu zuen, aukera-berdintasunarekin, sexu-erasorik gabe. Halaber, gaueko garraio publikoa eta emakumeek soilik erabiltzeko "Taxi Arrosak" bultzatu zituen.

2018ko apirilaren 26an, Andrea eta Gafas Moradas 6 elkarteekin batera, kasuaren inguruan zuen jarrera azaldu zuen Iruñeko Justizia Jauregian, "La Manada"ren epaiketaren epaia irakurtzen zen aldi berean. Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteak “XXI. mendeko epaia izatea eta ez XIX. mendekoa espero zuen, kalean gertatzen zenarekin bat etortzeko”. Teresa Sáezek, garai hartako bozeramaileak, epaia “erreferentea” izango zela aurreratu zuen, eta “inflexio-puntua izan zitekeela, Nagore Laffageren judizioan izan zen bezalaxe”.

Bestalde, Nafarroako hainbat talderi prestakuntza eman die Berdintasunaren eta Feminismoaren inguruan, eta honako hauetan parte hartu du: COMPI, CEDAW Itzal Txostena, Beging+25, Istanbul Plataforma edo Pobreziaren aurkako Borroka Sarea.

Jasotako sariak

2016. urtean, Mulier Navarra Futbol Klubak eta Berriozar Futbol Klubak elkarteari omenaldia egin zioten Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna zela-eta; 2017an, berriz, Sabicas Saria jaso zuen "emakumeak defendatzearen eta haien eskubideen alde egunero borrokatzeagatik ".

Berdinna sariak

Gogoratu behar da aurreko bi edizioetan sarituak izan zirela Blanca Fernández Viguera ikertzaile soziala (2018) eta Alaiz Talde Elkartea (2019).


Zerrendara itzuli

Bilatzailea