Nafarroako Lehendakaria den Maria Chivite Navascuesek gaur banatu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko 2026 Berdinna Saria, eta ‘El Cambio’ Emakumeen Elkarteari eman dio, tokiko eraginarengatik eta berdintasunaren alde egiten dituen jardueren izaera parte-hartzailearengatik.
Ekitaldia Murillo el Frutoko Gizarte eta Kultura Zentroan egin da, eta Chivite Lehendakariak saritutako elkartearen lana nabarmendu nahi izan du; horrela, bertako kideei dei egin die ‘espazioa okupatzen, zuen eskubideak eskatzen eta berdintasun handiagoko harremanak sortzen jarrai dezaten. Segi etxean kontatzen, zuen herrian eta ahal duzuen tokian, entzun nahi izan ala ez. Izan ere, herrietatik ere bidezkoagoa den mundu bat eraikitzen da, herrietan ere feminismoa dagoelako eta aldarrikatzen delako”.
Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du “Berdinna Saria lehendabiziko aldiz irten egin dela Nafarroako Jauregitik, Nafarroako landa-eremuko emakumeek berdintasunari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Garrantzitsua da berdintasuna tokikoaren oinarrian egotea, herrietatik sustatzea, hemen, herri txikietan, emakumeek diskriminazio handiena jasaten baituzue. Guztiok ditugun oztopoei landa-munduaren estereotipoak eta ikusezintasun soziala gehitzen dizkiezue zuek, lan-arloan prekarietate handiagoari eta zaintzarako baliabiderik ez izateari aurre egitearekin batera. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Landa Eremuko Emakumeen Estatutua jorratzen du; hau da, zuen lana ezagutzera eman nahi duen instrumentu integral eta zeharkakoa, despopulazioa geldiarazteko eta landa-ingurunearen garapen iraunkorra eta feminista eredu bat sustatzeko”, esan du Chivitek.
Gainera, honela gogorarazi du: “landa-eremuko emakumeak herrietako indar ekintzaile nagusia zarete. Biztanleriari eusteko, zaintza-sareekin jarraitzeko eta ondarea, tradizioak eta bizimoduak kontserbatzeko eta hobetzeko egiten duzuen ekarpena aitortzea beharrezkoa da. Izan ere, emakumeak zarete landa-eremuko bizimodua sortzen eta jasangarri egiten duzuenak. Horregatik, beharrezkoa da Landa Eremuko Emakumeen Estatutu horren oinarriak eta araudi-garapena ere jasota geratzea Nafarroako Gobernuak Despopulazioaren eta Landa Garapenaren inguruan izapidetzen duen etorkizuneko Foru Legean. Lege hori osatu gabe sortuko litzateke emakumeek egiten duzuen funtsezko ekarpena aitortuko ez balu”, adierazi du Lehendakariak.
Hezkuntza eta pedagogia “gazteek sare sozialen bidez jasotzen duten bonbardaketa ideologikoaren” aurrean
Saria emateko ekitaldiko diskurtsoan, Chivite Lehendakariak Gazteriaren eta Generoaren azken Barometroa aipatu nahi izan du. Orain dela egun batzuk, Barometro horrek adierazitakoaren arabera, adin-tarte guztien artean gazteek dute sentimendu feminista gutxien. Lau gaztetatik batek bakarrik jotzen du feministatzat bere burua; adibidez, 60 urtetik gorakoen oso azpitik. Lehendakariaren arabera, datu horiek izan dira “gazteek sare sozialen bidez jasotzen duten bonbardaketa ideologiko interesatu eta eraikiarengatik. Etengabe jasotzen dituzte feminismoa gizonen aurkako erasoa dela eta emakume feministak barregarriak garela esaten duten mezuak. “Charo” deitzen digute gu gutxiesteko eta isilarazteko asmoarekin”.
Errealitate horren atzean, “interes politiko bat dago, ultraeskuinak sustatzen baitu diskurtso nahasi eta asmo txarreko hori guztia, gazteak beren alderdietara batzeko, patriarkatuak ematen dituen pribilegioak atzean ez uzteko eta emakumeek eta gizonek betebehar eta eskubide berberak izateko gizarteak eraikitzerakoan lorpenak ahultzeko. Lehendakari bezala, pertsonalki kezkatzen nau gai horrek, eta Gobernuan lantzen ari gara. Hori dela-eta, Skolae martxan dugu, ikastetxeentzako baterako hezkuntzako gure plana, berdintasun-balioak zabal daitezen. Eta horregatik jartzen ditugu abian alfabetatze digitaleko tresnak, gazteei beren espiritu kritikoa handitzeko tresnak ematearren”.
“Baina, nire ustez, gazteen arteko berdintasun-kanpainarik onena zuengandik aterako da, hurbilen dituztenengandik eta haien egunerokoan erreferenteak zaretenen eskuetatik; alegia, amak, ahizpak, izebak edo amonak. Zuen etxeetako gazteei zuen elkartearekin sustatzen duzuen “aldaketa” haientzat ere badela azaltzea gustatuko litzaidake. Berdintasuna ongizate partekatuan inbertitzea dela.
Berdintasunezko Nafarroa demokrazia sendoagoa izango dela. Gizonak eta emakumeak ezinbestekoak garela zeregin honetan”, gehitu du Maria Chivitek.
Horrez gain, “demokrazia berdintasunik gabe ez dela osoa” azpimarratu du. “Atzerapauso handiak ditugu: Afganistanen genero apartheid batekin ostrazismora kondenatutako emakumeak, El Salvadorren abortatzeagatik segurtasun handieneko espetxeetan dauden emakumeak, Estatu Batuetan haurdunaldirako esplotatutako emakumeen gorputzak, gerrako harrapakin gisa dauden emakumeak, munduko gatazka armatu guztietan bortxatuak eta erasotuak. Nafarroan ere hori gertatzen da: salerosketa-egoeran emakumeak eta neskak salerosten eta kontsumitzen dituzten gizonak. Beraz, garrantzitsua da gaur egun munduan gertatzen ari denaz jabetzea, besteak beste, emakumeen aurrerapenen aurrean patriarkatuak duen erreakzioa. Ez utzi engainatzen. Gaur egun Ekialde Hurbilean erortzen diren misilek ez dute emakumeak askatzeko egiten”, baieztatu du Lehendakariak.
Adin ezberdineko 200 bazkide inguru dituen elkartea, 1998an sortua
‘El Cambio’ Emakumeen Elkartea 1998an sortu zen, eta irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Elkartearen helburua da gizarte bidezkoagoa eta zuzenagoa sustatzea, gizon-emakumeek eskubide, aukera eta askatasun berberak izan ditzaten. Gaur egun, adin ezberdinetako 183 bazkide ditu.
Helburuen artean, nabarmentzekoak dira jolas-, kultura-, prestakuntza eta aisialdi-arloko jarduerak egitea, Murillo el Frutoko emakumeen garapen pertsonala eta asoziatiboa sustatzearren. Era berean, emakumeen aukera-berdintasunaren aldeko lana egiten du lan-, kultura- eta gizarte-esparruetan, eta beste kolektibo, elkarte eta erakunde publiko batzuekin lankidetzan aritzen da, emakumearentzat positiboak izan daitezkeen ekimen guztietan.
Ekitaldiaren garapena
Saria banatzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Maite Esporrin, Nafarroako Parlamentuko lehendakariordea; Alicia Echevarria, Nafarroako Gobernuko ordezkaria; Javier Remirez lehendakariordea eta Begoña Alfaro lehendakariordea; Nafarroako Gobernuko kontseilariak; Senatuko eta Nafarroako Parlamentuko kideak; NABIko ordezkariak; eta saritutako elkartearen inguruko pertsonak.
Ekitaldia zuzenean eskaini dute Nafarroako Gobernuak Youtuben duen kanalean. Iñigo Segura Urra gitarrista, Laura Garcia Itarte (klarinetea) eta Marta Castillejo Garcia abeslaria arduratu dira musika jartzeaz, eta honako pieza hauek interpretatu dituzte: Natalia Jimenezen ‘Creo en mí’, Nacha Popen ‘Lucha de Gigantes’ (sinfonikoa), ‘Canción sin miedo’ (sinfonikoa) eta Maria Jimenezen ‘Se acabó’.
2026ko Berdinna Sarirako elkartearen hautagaitza elkarteak berak eskatuta aurkeztu da, eta zortzi hautagaitzen artean hautatua izan da. Epaimahaiak kontuan izan du desberdintasunak murriztera eta emakumeen eskubideak sendotzera bideratutako politikak, ekimenak edo jarduerak bultzatzeko egiten duen ekarpena.
Halaber, erreferentzia moduan aurkeztutako bideoklipa baloratu du, lan egiteko modua herritarren parte-hartzean eta berdintasunaren aldeko lanean oinarritzen dela uste baitu, eta hori hurbiltasun-eremutik. Hautagaitzak berak defendatzen duen bezala, proiektua honako helburu hauekin planteatu zen: “herria egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz”, genero-indarkeriaren gainean sentsibilizatzea eta Murillo el Frutok emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko duen konpromisoa ezagutzera ematea. Orobat, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi izan zuen arlo horretan eta bizikidetzaren, errespetuaren eta askatasunaren erreferente positiboak sustatu, artea eta kultura bitarteko eraldatzaile eta irisgarri gisa erabiliz.
“Emakumeen aurkako indarkeriak gure gizartean giza eskubideen urraketarik iraunkorrenetako bat izaten jarraitzen du, eta, landa-inguruneetan, gainera, biktimek isolamendu, ikusezintasun eta baliabide-eza handiagoa izan dezakete. Hori dela-eta, proiektua hurbiltasunetik kontzientziatzeko, bizilagun guztiak inplikatzeko eta espazio publikoa salaketa eta laguntzarako leku aktibo bihurtzeko sortu da, toki- eta komunitate-mailan oihartzuna izanik”, azaldu du aurkeztutako hautagaitzan.
Bideoklipa 2025eko abuztutik azarora bitarte egindako lanaren emaitza da. Azaroaren 23an aurkeztu zuten herritarren aurrean, eta ekitaldian 200 bat lagunek hartu zuten parte. Grabazioa WhatsApp bidez partekatu da, eta sare sozialetan (Youtube eta Instagram) 6.000 bistaratze baino gehiago izan ditu; era berean, oihartzuna izan du tokiko hedabideetan, eta hezkuntza-lanerako material gisa erabili dute Murillo el Frutoko Raimundo Lanas ikastetxe publikoan eta Tafallako eskualdeko eskoletan.
Gainera, Erdialdeko hainbat erakunderen babes-gutunak jaso ditu; hala nola, Murillo el Frutoko, Zarrakazteluko eta Santakarako Udalenak, Erdialdeko Partzuergoarena eta Zarrakazteluko Oinarrizko Eremuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearena.
Berdinna Saria, zortzi urte
Berdinna Saria Nafarroako Berdintasuneko Institutuak bultzatu zuen 2018an, eta 3.000 eurokoa da. Sariaren helburua Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen jarduera publikoki aintzatestea da.
Lehen edizioan, saria Blanca Fernandez Viguerak jaso zuen, IPES Elkartearen sortzaileetako bat, eta NUPen genero-ikasketen bultzatzailea. 2019an, Alaiz Elkarte Kolektiboarentzat izan zen, 50 urtetik gorako lanaren truke. 2020an Lunes Lilas/Astelehen Nafarroak jaso zuen. 2021ean, berriz, Afammer Navarrarentzat izan zen saria, Nafarroako Landa Inguruneko Familien eta Emakumeen Elkartearentzat. 2022an, COCEMFE Nafarroak berdintasunarekiko duen konpromisoa saritu zen. 2023an, Nafarroako Berdintasunaren aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinatzailearentzat izan zen (COMFIN). 2024an, Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkartearentzat izan zen (ACT). Eta, iaz, saria Esther Erice magistratuak jaso zuen.