AZKAR ATERA

Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko LGTBI+ programa Baztango bailaran jarriko da abian

2022/08/02
Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko LGTBI+ programa Baztango bailaran jarriko da abian Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko LGTBI+ programa Baztango bailaran jarriko da abian

“Siembra diversidad, recoge libertad” / “Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko” leloa du Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) programa ibiltariak, eta horren helburua da landa-inguruneetan balioak eta sexu- eta genero-aniztasuna ikusaraztea, leku horiek errespetuzkoak izan daitezen, LGTBI+ pertsonak modu aske eta osoan garatu ahal izateko.

Horretarako, aurreko edizioetan bezala, ibilgailu ibiltari bat igaroko da udalerri ezberdinetan, herritarren eskura jartzeko sexu- eta genero-aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko dibulgazio-baliabideak. Autobusa Nafarroako Pirinioetako udalerrietatik igaroko da.

Ibilbideari gaur goizean eman zaio hasiera Elizondon, eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek eta NABIko LGTBI+ Berdintasunerako zuzendariorde Julen Enerizek programa aurkeztu dute. Ekitaldian izan da, baita ere, Baztango alkatea, Joseba Xabier Otondo.

Remirez lehendakariordeak nabarmendu du “sexu- eta genero-aniztasuna balio eta aberastasun sozialaren elementua dela, herritartasun anitzaren isla. Nahi ez duen inork ez luke bizilekutik alde egin beharko genero-identitate eta –orientazio zisheteronormatiborik ez izateagatik”.

Era berean, ondorengoa gogorarazi du: “aniztasun-balioetan heztea eta politika publikoak gure tresna onenak dira askatasun eta eskubideetan hazten joateko eta gorrotoaren diskurtsoa geldiarazteko. Nafarroako Gobernuak hori oso aintzat hartzen du, eta toki-erakundeekin batera lan egiten du, eremu horretan aniztasunarekiko errespetua sustatzen duten politika publikoak bultzatzera ere animatuz eta horretan lagunduz”.

Bestalde, NABIko LGTBI+ Berdintasuneko zuzendariordea den Julen Enerizek adierazi du “Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko” programa Nafarroako Gobernuaren apustua dela ‘sexilio’ fenomenoari aurre egiteko; izan ere, “LGTBI+ pertsona askok beren herritik alde egin behar izan dute beren sexu- eta genero-orientazioarengatik, inguruneko pertsonekin ziren bezalakoak agertu ezin zutela sentitzeagatik”.

Autobusak Baztango bailara, Bortziriak eta Goi Bidasoa zeharkatuko ditu

Abuztuaren 2tik 16ra bitartean, gaur, asteartea, Elizondon hasitako ibilbideak Irurita, Erratzu, Bera, Lesaka, Etxalar, Arantza, Doneztebe, Sunbilla eta Ituren udalerrietan barrena jarraituko du, herritarren eskura jarriaz sexu- eta genero-aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko dibulgazio-baliabideak; modu horretan, LGTBI+ pertsonen berdintasun eraginkorra eta erreala lortzeak herritar guztiak zergatik konprometitzen dituen hausnartzeko gonbita luzatu nahi da.

 “Pertsona guztiok funtsezko zeregina dugu gizarte gisa LGTBI+ pertsonen eskubideen eta askatasunen alde eman behar dugun aldaketa sozialean+”, adierazi du Eneriz zuzendariordeak, beste modu batzuen artean, “gure eta inguruneko jokabide eta jarrera horiek detektatu ahal izateko, sexu- eta genero-aniztasuna, -identitatea eta –adierazpena landa-guneetan eta hiri txikietan modu positiboan eta normalizatuan bizi ahal izatea zailtzen baitute”.

Remirezek ere mezu hori indartu du, eta herritarrak animatu ditu “pertsona guztiok lagundu dezagun landa-inguruneak orientazioaren eta generoaren sexu-aniztasuna osorik bizitzeko leku izan daitezen”.

Programak, beste behin, erreminta didaktikoak eta ikus-entzunezkoak ditu sexu- eta genero-aniztasunari buruzko oinarrizko eduki ulergarri eta argiekin, Kattalingunek emandako zerbitzuarekin batera, herritarrei gai horri buruzko informazioa eman eta herri horietako biztanleen zalantzak eta kontsultak argitu ahal izateko.   

Ekimenak 2019 – 2022 Ekintza Plana betetzen du; hau da, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko. Lege horren arabera, landa-inguruneetan sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazten oinarritutako ekintzak sustatzea derrigorrezkoa da.

35 herri igarota dira dagoeneko eta 900 pertsona baino gehiago artatu

“Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko” programak bi urteko ibilbidea eginda du jada aurretik, eta, ibilbide horretan, Foru Komunitateko 35 udalerri zeharkatu eta guztira 933 pertsona artatu ditu.

Landa-eremuetan LGTBI+ pertsonak eta kolektiboak sentsibilizatzeko eta ikusarazteko lehen programa 2020ko irailean garatu zen, estatu-mailan ekimen aitzindari gisa, eta autobusak Nafarroako Erdialdeko 20 herri zeharkatu zituen: Erriberri, Kaseda, Berbintzana, Melida, Oibar, Zarrakaztelu, Murillo el Fruto, Artaxoa, Miranda Arga, Tafalla, Santakara, Irunberri, Zangoza, Barasoain, Gares, Larraga, Caparroso, Rada, Mendigorria eta Obanos.

Iaz, berriz, ibilgailuak herri hauetan barrena egin zuen ibilbidea: Lizarra, Deikaztelu, Aiegi, Zirauki, Los Arcos, Villatuerta, Abartzuza, Arroitz, Bearin, Allo, Zudaire, Viana, Mañeru, Murieta eta Oteiza; herri horiek babesa eta laguntza eskaini zituzten programa garatzeko.


Aniztasuna erein Askatasuna biltzeko

Zerrendara itzuli

Bilatzailea