Foru Exekutiboak, gaurko bilkuran, adierazpen hau onartu du, ostegun honetan, azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta:
“Adierazpen honekin Gobernu honen konpromisoa agertu nahi dugu berdintasunaren alde eta emakumeen eta neskatilen kontrako indarkeriari gabeko gizarte askearen alde lan egiteko.
Emakumeen aurkako indarkeria mundu-mailako egitura-arazo bat da, eta erantzun globalak ez ezik, estatukoak, autonomikoak eta tokikoak ere eskatzen ditu. Nazioarteko araudiak, Istanbulgo Hitzarmenarekin, nahiz autonomikoak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako 14/2015 Legearekin, planak, programak eta jarduerak sustatzen dituzte horiek erabat desagerrarazteko.
Gogorarazten jarraitu behar da emakumeek sufritzen jarraitzen dutela emakume izate hutsagatik. Fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa izan daiteke, bizitza publikoan edo pribatuan. Tratu txar horien azalpena desberdintasun eta diskriminazio iraunkorretan dago, oraindik ere bizitzako arlo guztietan eragiten baitie: soziala, ekonomikoa, politikoa eta kulturala.
Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak erabat gaitzesten du emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen, 2030 Agendaren helburuekin bat ez datorrena, gizarte batean ongizatea, demokrazia eta bakea eragozten baititu.
Gizarte hobe baterantz goaz: berdintasun handiagokoa, bidezkoagoa eta indarkeriarik gabea. Erakundeen, mugimendu feministaren eta, oro har, gizartearen konpromisoak bizirik atera diren emakume biktimei babesa eta laguntza ematen dien egitura bat eraiki du, haien jatorria, adina, maila soziala, aniztasun funtzionala eta sexuala edozein izanda ere.
Egun hain adierazgarrian, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI/INAI) bidez, mezu argi bat bidali nahi dizu: zure ondoan gaude, sinesten dizugu.
Aurtengo azaroaren 25eko kanpainak genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeek (BAIT) garatzen duten zeregin garrantzitsuari eskaini dio arreta; bertan, bizirik irtendako edozein emakumek edo haien seme-alabek erantzun integrala aurkitzen du arlo sozialean, juridikoan, hezkuntza-arlokoan eta psikologikoan.
Adierazpen instituzional honen bitartez, indarkeria matxistak jasaten ari diren emakumeak animatu nahi ditugu hurbilen daukaten BAITera joatera, ulermena, babesa eta laguntza aurkituko baitituzte: zure ondoan gaude.
Badira bakarrik sufritzen dituzten zauri ikusezinak, eman beharreko urrats zailak, hartu beharreko erabakiak,… baina bada irteera bat ere. Bada bizitza hobe baterako ate bat.
Gaurkoa bezalako egun batean, erakunde publiko gisa dugun erantzukizunetik, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei eta bizirik atera direnei omenaldia eta errekonozimendu publikoa egin nahi diegu. Bereziki gogoratu nahi ditugu uztailean Murchanten hildako emakumea eta Azagran izandako eraso bortitzetik bizirik ateratako emakumea.
Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du beste erakunde batzuekin eta herritarrekin modu koordinatuan lanean jarraitzeko, arreta, prebentzio, ikerketa eta sentsibilizaziorako bultzatzen ditugun neurri integralen kalitatea hobetze aldera, eta indarkeria matxista dela-eta sufritzen duten emakumeei eta haien seme-alabei babesa, justiziarako sarbidea eta ordaina ematearren.
Nafarroako Gobernutik sozialki mobilizatzera animatzen zaituztegu; era horretan, azaroaren 25a dela-eta antolatu diren ekitaldietan modu aktiboan parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu”.
Zehazki, Foru Exekutiboak antolatuta, kontzentrazio isila egingo da bihar, osteguna, 11:00etan, NABI/INAIren egoitzaren aurrean, Iruñeko Sarasate pasealekuan (Alondegi kalearen parean).
Gainera, data hori oroitzeko, San Inazio etorbidean dagoen Nafarroako Jauregiaren fatxada kolore morez argiztatuko da; hots, genero-indarkeriaren aurkako borroka sinbolizatzen duen kolorea.